XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gertakizun hoien indarrez sortu ziren Arabako lurretan bi elizbarruti beren gotzaitegiekin.

Sartaldean lehen aipatu dudan Valpuesta horretan kokatu zen bat, eta besteak Gasteiz ondoko Armentia hartu zuen burutzat.

Gotzaitegi honen elizbarrutia ez zen haundia, Arabako erdi aldea, Lautadako lurrak gora behera, Bizkaiko zati on bat, eta Errioxa aldean zati txiki bat.

Hamaika gotzai izan zituen elizbarruti honek 875. ingurutik 1085.aino.

Gotzai hoiek Leireko lekaideen artean aukeratuak izan ziren askotan, eta gotzai zerrendan azken agertzen den Fortun, Leireko lekaidea zen.

Nafarra zen jatorriz eta Leirezalea izan zen beti.

1067.tik 1085.aino izan zen Arabako gotzaia.

Ikusten denez Silosko Domingo Santuaren garaikoa izan zen eta giro berdintsuan bizi izan zen.

Hark Nafarroatik ihes egin behar izan zuen elizaren eraberritzea zaintzearren, honek beti Nafarroaren alde jo zuen eta Erromaraino joan omen zen bertako nortasuna zaindu nahiz.

Fortun Arabako gotzai zela, 1076.tik aurrera batez ere, Arabako lurraldeak Gaztelako Alfonso VI.ren eskutan gelditzen dira.

Hori ez zen Fortunen gogokoa eta inoiz ez omen zuen harreman onik lortu Gaztelako erregearekin.

Bi gauzetan agertzen da hori batez ere.

Bata, Santxo Garzez Nafarroako erregea zela, eta Araba bere mendean zegoela, Fortun-ek erregearekin batean, dokumentu asko eta askotan izenpetzen du.

Alfonso VI.k Arabako nagusitasunez jabetzen denean Fortun lau urtez erabat itzaltzen da, eta hurrengo urteetan oso gutxitan agertzen da, beti nafar giroan.

Gaztelako erregea nagusi agertzen delarik Arabako aldetan, lau aldiz bakarrik agertzen da Fortunen izena, sei edo zazpi urteetan.

Bigarren gauza hauxe da.

Fortun nafar semea zenez, eta Leireko lekaidea, gotzai izan zen denbora guztian saiatu zen beti bere profesako lekaidetxearen eta Nafarroako beste lekaidetxeen alde eskaintzak egiten, baina Gaztelako jabetasuna bere elizbarrutiko lurretan nagusitu zelarik are gehiago saiatu zen Araba aldeko elizak bera hil eta gero Iruinea-ko gotzaiaren menpean gelditzeko eran antolatzen.